2010-10-19
Osaba maitea,
Pasa dira hamabost egun azkenekoz idatzi nizunetik. Baina badakizu, egunez egun, egunak gero eta laburragoak diren arren, egunak gero eta luzeago egiten zaizkigu. Urtaroen kontua izango da.
Niretzako, asteburu honetan hasi da udazkena. Ostiralean, Donostian teatro obra bat ikusten ari nintzela, telefono hotsak baino ugari eta gogaikarriago egin zitzaizkidan eztul hotsak. Eta dozena erdiri jo zien sakelekoak. Larunbatean, berriz, Durangoko jaietan, hostoek jendeak baino dantza gehiago egiten zuten. Eta Anbotoko Mari txubaskero eta mendiko botekin agertu zen txosnetan.
Zer berri Afrikako irla tipian? Azken gutunean diozunez, faltan botatzen dituzu zure beste bi iloben aurka jokatzen genituen mus partidak. Nahiz eta beti irabazten ziguten, kabroiek. Orain xakean aritzen omen zara, bakarrik, ordenadorearen aurka. Eta hala ere, galtzen segitzen duzu. Ez utzi entrenatzeari osaba, agian laster berriro jokatuko baitugu, Afrikako irla tipian, ala mapetan agertzen ez den herrian. Eta zu lasai egon, ze musa, bizikletan ibiltzea bezalakoa da, behin hasita, bizitza guztian galduko dugu.
Bestelakoan zaharrak berri. Txileko mineroak atera zituzten zulotik, eta Espainiako egunkari batek Otegi elkarrizketatu du zuloan. Diote Madrilen eta Gasteizen, ez duela ezer berririk esan. Arrazoi osoa dute, zulora sartu zutenean ere, gauza berdinak esaten baitzituen. Agian idatzi beharko genioke Arnaldori, esanez, diskurtsoa aldatu beharko lukeela, zulotik atera nahi badu, behintzat.
Eta holaxe, 15 egun barru idatziko dizut berriz, egunak gero eta laburrago, eta luzeago,. Tira, nahiago baduzu, umeek bézala zenbatuko ditugu. Aurrekoan Mirentxok ez zuen ulertzen zenbat ziren 15 egun. “15 aldiz lo” esan nion orduan, eta lasai gelditu zen. “Laster da hori”, esan zuen. Horixe ba, 15 lo barru arte, osaba. Laster laster arte,
Josu
p.s. Ideia zoragarria Altzurukuko jainkosari larrosak oparitzearena, osaba. Alergia die.