Hamazazpigarren gutuna

Osaba maitea,

Inork dudarik egin ezdezan, oihuka dakar notizia eguzkiak. “Uda hemen da, lagunok. Udan gaude jada”. Eta ulertu ez dugula pentsatuko balu bezala, bere indar guztiekin insistitzen du, temoso, Zugarramurdiko estalaktitak ere urtzeko moduan. Atzo bezala gaur, Afrikako irla bat dirudi gure herri honek. Ikusiko duzu: azkenean klima izango da batuko gaituena....

Gure gutun hauek berrirakurtzen egon naiz. Hamazazpi izan dira guztira. Lehenengoan, denbora ziklikoa zela esaten nizun, udak alde egin berri zuelako, eta egunak laburtzen hasi. Orain, ostera, joan zen bezala iritsi da berriro uda, eta leku berdinetan harrapatu gaitu gu; Euskal Herrian ni eta zu erbesteko irla tipian.

Denborak ez dio inori itxaroten, eta itzuli da uda. Eta hala, hementxe bukatzen dira Euskadi Irratiko nire lanak; hauxe uhin bidez idazten dizudan azken gutuna. Atzera begiratuta, ez dirudi gauza gehiegi aldatu denik. Uda itzuli da, bai; baina zu ez. Eta urtebete zaharrago gara denok.

Zimurtutako gutunak nire eskuetan dantzan, oroitzapenak datozkit. Bilbotik, Donostiatik, Baionatik, Gasteiztik, Domintxinetik, Baigorritik eta Habanatik idatzi idizut nik. Leku beretik beti zuk. Frakaso bat dela esan genezake? Baliteke.

Baina gutunak irakurtzen segitzen dut, hatzamarrekin letrak persekutatuz: eta bat-batean, hortxe agertu zaizkit zurekin behin musean jokatzen ibili ziren mosketeroak, errusiar kamarada zaharrak, Legassen nobela batetik ateratako kontrabandistak, Bermeoko arrantzale piratak, Larraineko artzain neskak, arratsetan hondartzara ihes egiten duten sao-tomeko maitaleak eta Anbotoko Mari, orain txubaskero bat jantzita txosnetan kantari, orain belarra mozten leizearen aurrean.

Ez osaba; ez da frakaso bat. Izan ere, astero, elkarri gutun bat idazten genion aldiro, hitzez fabrikatutako txalupa batean ihes egitea lortu dugu. Eta itsasoan galdutako Euskal Herri imaginario batean, aske ibili gara biok, nire akordeoiaren doinuan kantu zaharrak kantatu eta elkarrekin kubako rona edanez. Errealitatearen kostetatik urrun eta denboratik kanpora. Edo hobeto esateko; Sagarren Denboran.

Orain, atea eta leihoak ixteko sasoia da. Baina irratiko entzuleen aurrean ez bada ere, guk jarraituko dugu hitzezko txalupan rona edaten. Mikrofonoa isildu eta argia amatatzera noa.

Segi dezagun, osaba. Argia amatatuta, sarri, hobeto ikusten da.


Bi aste barru arte.


Hamaseigarren gutuna

Euskal Herria, 2011-06-13

Marie!

Utzi hau irakurtzeari oraintxe bertan! Tolestu orriak berriro, sartu ron botilan eta utzi hondartzako itsasertzean, aurkitu duzun leku berean. Osabak ikutu gabe aurkitu dezala.

Enfin, Marie, banekien zeuk hartuko zenuela lehenik gutun hau; osabaren zain egon gabe. Maiz kontatu dit berak, Sao Tomera iristen zaren bakoitzean bere gauzak antolatzen hasten zarela berehala, eta zigarroak eta bihotza lapurtzen dizkiozula baimenik eskatu gabe. Baina egin kasu, otoi. Berarentzat da gutuna. Utzi aurkitu bezala, eta irakurriko dizu gero berak, nahi badu. Porzierto, bidaia ondo egin duzu? Ale, muxu bat. Zaindu gure gizona.

***

Osaba maitea,

Pozik egongo zarela imaginatzen dut, hiru hilabetean behin irlara erratz gainean heltzen den sorgina zure ondoan egonda. Asteazkenean despeditu nuen nik Marie. Domintxinetik Baionara gidatu eta autoa anaiaren etxean aparkatu zuen hiru hilabeterako. Maleta guztiak nire autoan sartu eta Baionatik Donostiaraino eraman nuen orduan. Han utzita, Donostiatik Bilbora, autobus bat hartu zuen. Bilbora iristean, Barakaldora joan, gaua hango lagun batzuen etxean pasa, eta biharamunean, goizean goiz, Loiuko aeroportura abiatu zen. Loiutik, berriz, Lisboara iritsi. Eta Lisboan denbora dezente zain egon ostean, Sao Tomerako bidea hartu zuen. A ze irudi berezia, osaba, Portugalen emigrante bizi eta sorterrira oporretan itzultzen diren afrikarrez betetako hegazkin horrena. Builaka mintzo diren beltz gazte guzti horien artean, Zuberoako andere blonde bat isilik, besaulkian eserita, Markinako lagun batek oparitu dion “Hausnart” aldizkarian Sarrionandiaren azken elkarrizketa irakurtzen. Astebete dauka irudiak. Eta hogeitabost urte.

Hemen, urtaro aldaketa hurbiltzen den bakoitzean sartzen zaigun ero haizeak jota gabiltza batzuk. Gauza asko lotzeko buruan, eta batzuk deslotzeko bihotzean. Ai ene; kontseilu onak ematen dizkidan osaba marxista bat ez banu, Mariek gomendatutako Hernaniko sorgin batengana joana nintzen aspaldi.

Gainontzekoan, badakizu, ilusio perfumea usaintzen dela Euskal Herriko bazterrotan. Marka da gero nik Donostiatik alde egiten dudan urtean lortzea Odon Elortza alkatetzatik kentzea, baina tira, poztekoak dira hori eta beste gauza asko, bestelako aberri bat amesten dugunontzat.

Hala ere, partidua ez da orain bukatzen. Orain hasi egiten da. Orain hasten da, benetan, lanerako garaia. “Hitzetatik ekintzetara” pasatzeko sasoia. Erresistitzen jakin dutenek, eraikitzen ikasteko aroa. Gordin eta garden esateko; Sagarren Denbora.

Orain arte, etxea hormigoiz eta ahalik eta altura gehien emanez eraiki da. Bertikalean.

Hemendik aurrera, arkitektu berriek, horizontalean eraikitzen ikasi beharko dute. Eta hormigoiaren ordez, eskuak erabiliz.


Besarkada handia.