2010-10-04
Osaba maitea,
Denbora ziklikoa da. Dena dator bueltan, eta baita iraila ere. Heldu dela ohartu naizenerako joan da berriz. Eta urria etorri. Eta itzuli naiz Donostiara; itzuli dira unibertsitateko klaseak, irratiko astelehenak, aterkiarekin ateratzeko egunak, eta sosik gabe itzultzeko gauak.
Irratian ere, Garik zioen bezala, ezer ez da berdin. Orain arratsetan ari gara. Eta gitarra jubilatu dut. Sei urte sei sokari eragiten nahikoa da, nik uste. Gainera, orain gizon inportantea naiz, osaba. Krisian gauden arren, orkesta oso bat jarri dit Euskadi Irratiak. Hori bai, kantu bakarra dakite. Entzuten ari zaren hauxe. Baina gustatzen zait ; Brassensena da, « Le pornografe du fonografe, le polizon de la chanson ». Polita da, ezta ? Nik nahi nuke izaten jarraitu, “Le pornografe du phonografe”, Fonografoaren pornografoa. Eta “le polizon de la chanson”. kantuaren polizoia. Nahiz eta euskaraz ez duen errimatzen.
Tere Beloki oso guapa ikusi dut. On egin dio abuztuak. Arantxari ostera, uste dut ile zuri gehiago atera zaiola buruan. Zugatik galdetu dit, eta esan diot, betiko lekuan segitzen duzula, Afrikan, Sao Tomeko irla tipi horretan. “Ze ondo han! Aterki beharrik gabe, beti eguzkitan”, esan du. Badakizu, adin batetik aurrera, hondartzak eta zoriona elkarren sinonimo direla uste du jendeak. Batez ere emakumeek. Bereziki irailean. Eta generalki, konturatu gabe, urria heldu denean.
Nik esan diot, ez jartzeko triste. Uda bukatu arren, urte guztia izango dela udaberria.
Zeren denbora ziklikoa da, osaba. Beraz, Hamabost egun barru idatziko dizut berriro, astelehenez, eta kontatuko dizut zertan diren Euskal Herriko berriak eta gure etxeko zaharrak.
Maite zaitu,
Josuk
P.S. Athleticek galdu egin zuen atzo. Eta gure beste partiduan… erremate faltan gabiltza oraindik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario