2010-11-15
Osaba maitea,
Harritu egin nauzu zure azken gutuneko ametsarekin. Batu egiten zenituen Sao Tomeko euriak, Bermeoko marineruen kamaroteak, sobietikoak zirenean “kamarada” deitzen zizuten errusiarrak, etxalde abandonatuak, Barakaldoko Labe garaiak eta Bidasoako itsasadarra, azkenean, denen artean, Errepublika Sozialista Baskirianoa sortzeko.
“Nik bai osaba erromantikoa!” pentsatu nuen, irakurri nuenean. “Tres romantique!” Domintxineko Mariek esango lukeen bezala. Eta oroitu nintzen, nola aspaldi “Neruda” deitzen nizun nik, eta zuk niri, “Irletako Postaria”, “Cartero de Islas”, Kuban dauden beste osabekin harremana berreskuratzen lagundu nizulako.
Domintxineko Marieri erakutsi nion zure gutuna, harro. “Bah! Ezagutzen dut ondo idazkera hori”, esan zuen berak, “Guapo plantak egiten dabil. Nola uste duzu konkistatu ninduela ni, horrelako gutunekin ez bazen?”. Gero, zigarro bat piztu eta kea bota zuen airera Domintxineko Mariek, guapa plantak eginez.
Bestelakoan, parranda bateko naufragioan galdu ostean, telefono barik egon naiz aste guztian. Eta ze ondo! Lasai ibili naiz etxean, dei apremianterik gabe, ene leihotik kanpoko euriari begira, Magritte-ren koadro batean bezala.
Aspergarria da euria, gaur ni bezala, goizean bizikletarekin ateratzen baldin bazara. Baina polita da leihotik begiratzeko. Txanpinoien sasoia iritsi dela sentitzen duzu. Eta ez mendietan bakarrik, hirietan ere, kalean gora eta behera, jendea guardasolen azpian ezkutatzen baita; eta Amanita eta Kantarelus ibiltariak dirudite denek. Hala, bat-batean, gutun ameslari batean moduan, perretxikoz betetzen da, kristalaren bestaldean, Donostia osoa.
Gainera, osaba, zer nahi duzu esatea; kalera jeitsita ere, euriak badauka bere xarma. Zeren ba al dago gauza romantikoagoarik guardasol konpartitu bat baino? Domintxineko Mariek esango lukeen legez, “Tres tres romantique”.
Datorren astean, Kubara noa. Habanako Zine Festibalera eta Zine Eskolara. Hogei egun emango ditut bertan, pozik, herrialde hartan izarrak nonahi ikusten direlako, baita banderan ere. Eta agurtuko ditut beste osabak zure partetik. Emango dizkiet besarkada handiak eta edango dugu rona zure kontura. Lasai egon, ez zait ezer kostatzen: Plazer handiz izango naiz berriz ere “Irletako postaria”. Zuk ostera, marineru zahar maitea, ez utzi inoiz “Neruda” izateari.
Pottak.
Josu.
P.S. Genetika da, edo neu ere guapo plantak egiten nabil?