Donostia, 2011-02-21
Maite osaba,
“Aro berria, molde berriak”. Hala diote batzuek eta besteek aspaldi. Eta neu ere ados. Euskal Herria eraikitzen aurrera egingo bada, gauza asko aldatu beharko ditugu. Ez fondoa. Baizik eta forma. Ez edukiak, baizik eta ereduak. Ez mamia. Baizik eta azala.
Baina azken boladan, iruditzen zait, askok zentzu bakarrean ulertzen dutela hori. Molde zahar bat (borroka armatua), beste molde zahar batengatik, (politikagatik) ordezkatzea bailitzan guztia. Eta ez. Sakonagoa izan behar da aldaketa. Eta zabalagoa. Azken finean, herrigintzari dagokionez, gastibeltsako hogei karabina bezain kaltegarriak izan litezke hiru politikari nafar. (Adibide bat da)
Legalizazioaren aldeko manifestazioan egon ginen Bilbon. Jende asko, baina besterik ez. Betikoa eszenaratzea, betikoa ibilbidea, betikoa euria, betikoa dena. Joan den urtean Marie Sao Tometik Euskal Herrira itzuli zen eguna gogoratu zitzaidan. Aberri Eguna zen, eta Hendaian aurkitu ginen biok. “Aro Berriko Lehen Aberri Eguna” izango zela esaten pasa zituzten aurreko asteak batzuek eta besteek. “Mugarria” izango zela. Eta Hendaiatik Irunera jende asko, bai. Baina besterik ez. Betikoa eszenaratzea. Betikoa ibilbidea. Betikoa euria. Betikoa dena. Mariren hitzak gogoratzen ditut; “Ezer berririk ez da hemen, Josu. Azken berrogei urteetan, berrogei aldiz etorri naiz manifa berdinera”.
Barkatuko didazu tonua osaba. Nire hitzak ez dira itsasoaz bestaldean zaudeten naufragoentzako animo pizgarrienak. Eta, en fin, zu zer moduz zabiltzan galdetuko nizuke. Baina imaginatzen dut. Gelditu gabe lanean ibiliko zara, egunero hamar ordu gatibu zauzkan enpresari portuges nazkagarriaren oihuak agoantatuz. Eta triste, Marie laster Euskal Herrira itzultzen delako berriro. Eta zu ez. Zu oraindik ez. Beste behin ere, betikoak despedidak, betikoak ausentziak, betikoa dena.
Bestelakoan, betiko moduan segitzen dut; gauza askotan sartuta eta kokolitis kronikoak jota. Joan den astean, bi aldiz galdu nituen etxeko giltzak. Joan den larunbatean, bost aldiz galdu nituen lagunak. Azken boladan, iparraldera sarri samar noa, eta frantsesek garraio publiko sare on bat ezarri baino lehenago osatuko luketenez Ipar Euskal Herrian protektoratu anarkosindikalista bat; ba auto beharrean ibiltzen naiz. Ostegunean, Oreretako lagun batek utzi zidan berea. Zikin zegoela eta, garbitzeko tunel horietako batean sartu nuen eta jo ta bertan hautsi zen ezkerreko ispilua. Badinotsut, betiko moduan segitzen dut..
Hala ere, pentsatzen hasi beharko genuke garraio publiko nazionala sortzeko beharraz. Xiberoko lagun batek dio berak "Tutera-Barakaldo-Eskiula" ibilbideko metro batekin egiten duela amets. Imaginatzen duzu, Euskal Herria lur azpitik zeharkatzen duen tren bat? Gasteizen 12etan hartu eta bazkaltzeko Atharratzen uzten zaituena! Ene lagunak dio, aukera hori balego, jendeak baliatuko lukela; eta euskaldunok beste euskal herrietara joaten hasiko ginatekeela inoiz euririk ez eta egunsentirik ez lukeen trenean. Eta elkar benetan ezagutzen hasi. Eta maitatzen. Bizkaiko titiriteroek jarriko genuke musika bagoietan; eta errioxako ardoz betetako basuen gainean egingo lukete jauzi Santa graziko dantzariek. Eta erriberako amona zimurtuek irribarre bihurrez begiratu lukete bazterreko eserlekuan jarrita. Izena ere badut; “ZAMALTZAIMETROA”. Euskal Herria lurpetik elkartuko lukeen zaldiko-maldikoa. Ederra litzateke, osaba. Jende askok eskertuko luke. Eta baita nire lagunen autoen ispiluek ere.
Agian, denborarekin, itsasoaz bestaldeko irletara iritsiko da zamaltzaimetroa; euskaldun batzuk galduta zaudeten lekuetara. Baina bitartean, itsasora botilak botatzen jarraituko dut. Gaurko hau bezala.
Besarkadaz beteta doa botila, osaba. Idatzidazu, jasotzen duzunean.