Urte batzuk barru oraindik gogoratuko dira azken aste hauek. Eta eskoletan, ikasleek estudiatu egingo dute “2011ko martxoan gertatutakoa”. Intuizio hori daukat. Mundua asko aldatuko dela hemendik aurrera, Fukushimatik Bengasira.
Aurreko astean esaten nizun bezala, Gaddafitaz mozorratu nintzen ihauterietan. Bere gehiegizko eszentrizitateak dibertitu egiten ninduen. Argazkiei begiratuta, Porrotx, Lady Gagá eta Salvador Dalíren arteko nahasketa bat zirudien gizonak. Bere hitzaldi eta adierazpenek, ostera, Luis Buñuelen filme baten antza zuten. Baina gero, egunez egun “Gara” eta “El País” irakurtzean, graziarik gabe gelditzen hasi zen koronela . Herriaren kontrako “hainbat” bonbardaketa agintzen zituelako; eta “ehunka edo milaka” zenbatzen zirelako erahildakoak Libian; eta “dimentsio ezezaguneko sarraskiak” eragiten ari zelako kupidarik gabe. Halako batean, Josu Amezagaren artikulu bat irakurri nuen interneten. “Kontuz Libian gertatzen ari denarekin! Gogoratu Errumanian Ceacescurekin gertatu zena”, zioen UPVko irakasleak. Eta honela jarraitzen zuen: “Orduan zabaldutako albisteek sarraskiak, erailketa masiboak zein era guztietako triskantzak nabarmendu zituzten: orotara 60.000 hildako baino gehiago. Gerora jakin zen hildakoak 700 inguru izan zirela, erdia Ceaucescuren aldekoak. Eta herri matxinatua baino areago, estatu kolpea egon zela istiluen atzetik.”
Hala hasi nintzen pentsatzen, Tunisia eta Egiptoko erreboltak ez ote ziren izan aitzakia hutsa, Libiakoa prestatzeko. Estatu Batuek eta bere laguntxoek ez ote zituzten bi peoi sakrifikatu, arerio bati xake mate egiteko.
Gutxi balitz, duela hiru egunetik Euskal Herria gerran dago Libiaren aurka. Iparraldea eta Hegoaldea; biak. Zapaterok Iraketik tropak ateraz hasi zuen bere agintaldia eta tropak Libiara bidaliz bukatuko du. Frantziarena, ostera, okerragoa da agian. Demokrazia asmatu zuen herrialdeak ez zuen behatz bat mugitu Matxitxakoko batailan faxistek zure aitite Remigio hiltzean edo nire aitite Baliela umezurtz geditzean. Baina orain, Sarkozy boterera iristen lagundu zuen gizonaren herria erasotzen ari da Sarkozy.
Asteburu honetan, iparralde eta hegoaldeko dozena bat lagunek afaria izan dugu Baigorrin; eta barkatuko didazu astakeria, osaba, baina demokraten faltsukeria eta zinismoarekiko amorruaren amorruz, Etxepareren poema aldatu genuen, gitarraren eta ronaren laguntzaz . “Gadafiko herria benedika dadila; Gadafiko herria benedika dadila; Espainiari emango dio behar duen tornuia. Frantziari emango dio behar duen tornuia”.
Hala ere, hamar urte barru Japonian gertatutakoa gogoratuko da batez ere eskoletan. Ikasiko ote den ez dakit. Batzuek ez baitute inoiz ikasten. Baina gertakari guzi hauei buruz berba egitean, niri gustatuko litzaidake gogoratzea, gure inguruan ez dela sekula antzekorik gertatuko. Euskal Herriak lortu egin zuelako ama lurra zentral nuklearretatik libre mantentzea.
Bestelakoan, zaharrak berri inguru honetan. Ez gara sekula lasai gosaltzeko astiz esnatzen eta ez gara sekula egin beharreko guztiak bukatuta oheratzen.
Esaten zenidan zure azken gutunean, Marie Euskal Herrira itzuli den arren, zeuk ere ez duzula aspertzeko denborarik Afrikako irla tipi horretan. Sao Toméko errealitate politikoak harrapatuta zauzkala azken boladan. Kontaidazu zer berri dagoen Gineako Golfoan, osaba. Izan ere, gauza batetaz erabat seguru nago, eskoletan ez da sekula kontatuko Sao Tomen zer gertatzen den.
Besarkada fuertea.
p.s. Erditu da Pitxitxi? Etxea katukumez betea izango duzula imaginatzean, irriparra irristatzen zait. Jaten eman behar badiezu kontuz ibili, ez dut uste arraultza frijituak txorixoarekin komeni zaizkienik.