Donostia, 2011-05-30
Osaba maitea,
Normalean ez da gertatzen, baina lantzean behin, nahi dugun tokian bizitzeko aukera izaten dugu. Egun gutxi batzurako bada ere. Ni Parisen bizi izan naiz, adibidez. Joan den astean. Hiru egun bakarrik, egia da, baina tira, gutxiago bizi izan da Lizartzan Regina Otaola, eta bertako alkatesa zen.
Saturrarango Emakume kartzelari buruzko gure dokumentalarekin izan gara Parisen. Badakizu Frantzian, Espanian baino arrakasta handiagoa ari dela izaten “prohibido recordar”, eta hala, Nanteseko Festibalean saria jaso ondoren, hiriburuan aurkezteko konpromisoa genuen.
Mendeak pasa daitezke Parisetik promenatzen, nekatu gabe. Zazpi Kaleetatik Santutxura igotzeko metroa hartzen duen zure lobak, orduak eman zituen han oinez, jainko inpresionistaren batek margotutako zeruaren azpian, orain ibaiertzeko liburudenda zaharrak usmatuz, gero metroan mussete doinuz ari zen akordeoilaria adituz, lehen parke zabal batean larrugorritan eta askatasunean musukatzen zen bikotea gozatuz eta lehenago, boulevard erdian, auto artean futbolean jolasten ziren haur blondei begiratuz. Mendeak emango nituzkeen horrela paseoan. Bat-batean konturatu nintzen, mende bakoitzean iraultza batez erditzen dela hiria. XVIII.ean Bastillan. XIX.an Pariseko Komunan. XX.an maiatzean. Eta oinez segitu nuen, ea kalexkaren baten XXI. Mendekoarekin topo egiten nuen.
Haren ordez, Saint Michel inguruan, Maulen egindako alpargata bat aurkitu nuen kaleko baldosen azpiko hondartzan. Berehala ohartu nintzen Marie-rena zela. Duela berrogei urte ahaztuko zuela, korrikaldi edo parrandaren baten ostean. Bi arrazoibidek eraman ninduten dedukzio horretara; Marie gureak dena galtzeko daukan sindromeak eta alpargata haren ondoan, hamairu zigarrokin eta “enbata” aldizkari zahar bat zeudela konprobatzeak.
Hala ere, osaba, Pariseko gauzarik ederrena ez dago ez parkeetan, ez metroan, ez ibaiertzean ez eta ere boulevard erdietan. Pariseko gauzarik politena, estetikoena, Jainko inpresionistaren batek margotutako zeruaren azpian eta bizikleta zaharren gainean hiritik hegan egiten duten neskak dira. Sinestu, osaba, ez dagoela ezer politagorik, Parisetik neska eder bat bizikletan ibiltzen ikustea baino.
Horrelako gauzak pentsatzen nihoanerako, iluntzen ari zuen, eta Ziutate Unibertsitariora joan behar izan nuen; han pasatzen baitzen gure filma. Beldur apur bat ere bagenuen: izan ere, “Colegio de España” delakoak antolatzen zuen emanaldia, eta han ginen Larreategi eta biok -gazte, euskaldun eta berde- Garzonen aldeko fiskal eta katedratiko artean. Bisitari ilustreekin egiten omen duten gisan, Errektoreak domina bat eskaini zigun publikoki. Ohore handiegia guretzat; baina are gehiago, domina hura Jorge Oteizak diseinatua zela esan zigunean.
Txalo jo ziguten orduan, eta lotsatuta, hitza hartu nuen eskerrak eman eta filma aurkezteko. “Oso estimatuak gaude, baina gehiegizkoa iruditzen zaigu domina hura. Eta are gehiago Jorge Oteiza gureak, gure jakintsurik handienetakoak egina izanik....”. Horregatik, gauzak erlatibizatu nahi nituela esan nuen. Eta Oteizari Gipuzkoako Diputazioaren domina eskaini ziotenean gertatutako pasadizoa kontatzen hasi nintzen.
Imanol Murua gipuzkoako ahaldun nagusiak telefonoz deitu omen zuen behin eskultorea. “Jorge, te llamo porque vamos a darte la medalla de la diputacion de gipuzkoa a tu carrera”. Oteizak erantzun orduan: “¡Te la metes por el culo!”. Eta telefonoa eskegi.
Hamar urte beranduago, ostera, gobernu berri batek eskaintza berdina egin zion. “Jorge, hemos pensado darte la medalla de la diputación a tu carrera.” Eta Oteiza zaharrak; “De acuerdo. Pero yo estoy mayor, así que a recogerla ira un amigo mio en mi lugar.” Telefonoa eskegi, eta Imanol Murua deitu zuen: “Imanol; Mira, me han llamado para darme la medalla de la diputación y les he dicho que irías tu a recogerla. Asi que vete, la recoges y te la metes por el culo!”.
Jendeak barre egin zuen eta filma hasi zen. Ni, kalera atera nintzen berriro, ordubeteko paseotxo bat ematera. Badakizu zer, osaba? Gauza bakarra dago, Parisen neska eder bat bizikletan baino ederragoa. Parisen neska eder bat bizikletan, gauez.
Besarkada handia,
j.
p.s. Pozik egongo zara, Marie laster ondoan izango duzu berriro! Esaiozu, nire partez, hiruok elkarrekin bidaia bat egingo dugula noizbait Parisera. Eta bigarren alpargata topatuko dugula.