2010-12-17
Osaba laguna,
Itzuli nintzen Irlatik, hogei graduri “hotz” deitzen dioten lekutik; lurrez inguratutako beste irla honetara iristeko; zero graduri “fresko” esaten zaion lekura.
Irlan, hangoan, badakizu Fidelek jabetza pribatua, arrazismoa eta denbora abolitu zituela aspaldi; eta horregatik gustura ibili naiz, rona eta eguzkitako krema konpartituz, eta erlojurik gabe.
Zure begiak eraman nituen, agindu nizun bezala. Eta paseatu nituen Habanako malekoitik eta zine areto zaharretatik. Irla bi ziruditen, zure begi beltz haiek, denari adi adi so; eta akorduan daukat nola esan zidaten, Vedadoko bi neska kantarik, euren etxeko sukalde zaharrean , «Ai! Bi irla jostari horien jabea hona ekarri ahal bagenu ! Ederto zainduko genuke guk hemen». Izan ere, kubatarrentzat, pobreak eta beltzak badira batez ere, maitasuna ez da arrazionamendu kartilatan sartzen. Urrik banatzen dute, tonaka, daukatena eta are gehiago. Eta bi kantariak, pobreak eta beltzak ziren zure begiak bezala. Eta habanerak kantatzen zituzten; Dulce Maria Loinazenak, eta Xabier Leterenak.
Egun batez, behin Sao Tomera jendea laguntzera joan, eta bizitza salbatu zizun medikua bisitatu nuen. Bere txakur inseparableari, "Basko" izena jarria zion, bere hitzekin esateko: "fideltasunagatik".
Pinar del Rioko guagua geltokian gelditu nintzen berarekin, eta bizarduna, txiki xamarra eta oso guapoa nintzela esan arren, kosta egin zitzaion jende artean ni errekonozitzea. Gero esan zidan, emandako deskribapena perfektua zela, baina norbait helduagoa espero zuela. “Alfonsok esan zidanez bere lagun handi bat zetorrela Kubara... Bere adineko norbait irudikatu nuen”.
Azaldu nion, Mariek behin elkarrizketa batean esan zuen bezala, laguntasunak ez duela zer ikusirik belaunaldiekin; etsaien trikimailua baino ez dela hori; eta zu osaba gisa adoptatu zintugula, bai, baina osaba baino, laguna zarela lehenik. “Urrun dugun bihotzeko lagun”, Ruperrek kantatuko lukeenez.
Joan den ostegunean entzun nuen bera, Ruper, Bilboko Kafe Antzokian. Orduan sentitu nuen definitiboki arribatua nintzela lurrez inguratutako irla honetara. Izan ere, ederto daki Ruperrek nola egin zero gradu “fresko” baino, “epel” izan daitezen. Eta ederto daki lagunei kantatzen; Bernardo edo Joseba izeneko bere anaiei, edo Mikel deitzen den osaba zaharrari.
Guk ere, kontzertutik ateratzean, kantuan segitu genuen, rona konpartituz eta erlojurik gabe. Habanerak ere kantatu genituen, Dulce Maria Loinaz eta Xavier Leterenak.
Besarkada handia, eta muxu bat Marieri,
Josu
P.S. Liburu batzuk barrura sartuta, botila bat bota nuen Karibeko hondartza batean itsasora, Sao Tomerako. Baina merkeegiak dira liburuak Kuban, eta gehiegi pisatzen zuen botilak. Hondoratuta egongo da Atlantikoan, segur aski, altxorrez betetako itsasontzi piraten ondoan.