Hamazazpigarren gutuna

Osaba maitea,

Inork dudarik egin ezdezan, oihuka dakar notizia eguzkiak. “Uda hemen da, lagunok. Udan gaude jada”. Eta ulertu ez dugula pentsatuko balu bezala, bere indar guztiekin insistitzen du, temoso, Zugarramurdiko estalaktitak ere urtzeko moduan. Atzo bezala gaur, Afrikako irla bat dirudi gure herri honek. Ikusiko duzu: azkenean klima izango da batuko gaituena....

Gure gutun hauek berrirakurtzen egon naiz. Hamazazpi izan dira guztira. Lehenengoan, denbora ziklikoa zela esaten nizun, udak alde egin berri zuelako, eta egunak laburtzen hasi. Orain, ostera, joan zen bezala iritsi da berriro uda, eta leku berdinetan harrapatu gaitu gu; Euskal Herrian ni eta zu erbesteko irla tipian.

Denborak ez dio inori itxaroten, eta itzuli da uda. Eta hala, hementxe bukatzen dira Euskadi Irratiko nire lanak; hauxe uhin bidez idazten dizudan azken gutuna. Atzera begiratuta, ez dirudi gauza gehiegi aldatu denik. Uda itzuli da, bai; baina zu ez. Eta urtebete zaharrago gara denok.

Zimurtutako gutunak nire eskuetan dantzan, oroitzapenak datozkit. Bilbotik, Donostiatik, Baionatik, Gasteiztik, Domintxinetik, Baigorritik eta Habanatik idatzi idizut nik. Leku beretik beti zuk. Frakaso bat dela esan genezake? Baliteke.

Baina gutunak irakurtzen segitzen dut, hatzamarrekin letrak persekutatuz: eta bat-batean, hortxe agertu zaizkit zurekin behin musean jokatzen ibili ziren mosketeroak, errusiar kamarada zaharrak, Legassen nobela batetik ateratako kontrabandistak, Bermeoko arrantzale piratak, Larraineko artzain neskak, arratsetan hondartzara ihes egiten duten sao-tomeko maitaleak eta Anbotoko Mari, orain txubaskero bat jantzita txosnetan kantari, orain belarra mozten leizearen aurrean.

Ez osaba; ez da frakaso bat. Izan ere, astero, elkarri gutun bat idazten genion aldiro, hitzez fabrikatutako txalupa batean ihes egitea lortu dugu. Eta itsasoan galdutako Euskal Herri imaginario batean, aske ibili gara biok, nire akordeoiaren doinuan kantu zaharrak kantatu eta elkarrekin kubako rona edanez. Errealitatearen kostetatik urrun eta denboratik kanpora. Edo hobeto esateko; Sagarren Denboran.

Orain, atea eta leihoak ixteko sasoia da. Baina irratiko entzuleen aurrean ez bada ere, guk jarraituko dugu hitzezko txalupan rona edaten. Mikrofonoa isildu eta argia amatatzera noa.

Segi dezagun, osaba. Argia amatatuta, sarri, hobeto ikusten da.


Bi aste barru arte.


Hamaseigarren gutuna

Euskal Herria, 2011-06-13

Marie!

Utzi hau irakurtzeari oraintxe bertan! Tolestu orriak berriro, sartu ron botilan eta utzi hondartzako itsasertzean, aurkitu duzun leku berean. Osabak ikutu gabe aurkitu dezala.

Enfin, Marie, banekien zeuk hartuko zenuela lehenik gutun hau; osabaren zain egon gabe. Maiz kontatu dit berak, Sao Tomera iristen zaren bakoitzean bere gauzak antolatzen hasten zarela berehala, eta zigarroak eta bihotza lapurtzen dizkiozula baimenik eskatu gabe. Baina egin kasu, otoi. Berarentzat da gutuna. Utzi aurkitu bezala, eta irakurriko dizu gero berak, nahi badu. Porzierto, bidaia ondo egin duzu? Ale, muxu bat. Zaindu gure gizona.

***

Osaba maitea,

Pozik egongo zarela imaginatzen dut, hiru hilabetean behin irlara erratz gainean heltzen den sorgina zure ondoan egonda. Asteazkenean despeditu nuen nik Marie. Domintxinetik Baionara gidatu eta autoa anaiaren etxean aparkatu zuen hiru hilabeterako. Maleta guztiak nire autoan sartu eta Baionatik Donostiaraino eraman nuen orduan. Han utzita, Donostiatik Bilbora, autobus bat hartu zuen. Bilbora iristean, Barakaldora joan, gaua hango lagun batzuen etxean pasa, eta biharamunean, goizean goiz, Loiuko aeroportura abiatu zen. Loiutik, berriz, Lisboara iritsi. Eta Lisboan denbora dezente zain egon ostean, Sao Tomerako bidea hartu zuen. A ze irudi berezia, osaba, Portugalen emigrante bizi eta sorterrira oporretan itzultzen diren afrikarrez betetako hegazkin horrena. Builaka mintzo diren beltz gazte guzti horien artean, Zuberoako andere blonde bat isilik, besaulkian eserita, Markinako lagun batek oparitu dion “Hausnart” aldizkarian Sarrionandiaren azken elkarrizketa irakurtzen. Astebete dauka irudiak. Eta hogeitabost urte.

Hemen, urtaro aldaketa hurbiltzen den bakoitzean sartzen zaigun ero haizeak jota gabiltza batzuk. Gauza asko lotzeko buruan, eta batzuk deslotzeko bihotzean. Ai ene; kontseilu onak ematen dizkidan osaba marxista bat ez banu, Mariek gomendatutako Hernaniko sorgin batengana joana nintzen aspaldi.

Gainontzekoan, badakizu, ilusio perfumea usaintzen dela Euskal Herriko bazterrotan. Marka da gero nik Donostiatik alde egiten dudan urtean lortzea Odon Elortza alkatetzatik kentzea, baina tira, poztekoak dira hori eta beste gauza asko, bestelako aberri bat amesten dugunontzat.

Hala ere, partidua ez da orain bukatzen. Orain hasi egiten da. Orain hasten da, benetan, lanerako garaia. “Hitzetatik ekintzetara” pasatzeko sasoia. Erresistitzen jakin dutenek, eraikitzen ikasteko aroa. Gordin eta garden esateko; Sagarren Denbora.

Orain arte, etxea hormigoiz eta ahalik eta altura gehien emanez eraiki da. Bertikalean.

Hemendik aurrera, arkitektu berriek, horizontalean eraikitzen ikasi beharko dute. Eta hormigoiaren ordez, eskuak erabiliz.


Besarkada handia.


Hamabosgarren gutuna

Donostia, 2011-05-30

Osaba maitea,

Normalean ez da gertatzen, baina lantzean behin, nahi dugun tokian bizitzeko aukera izaten dugu. Egun gutxi batzurako bada ere. Ni Parisen bizi izan naiz, adibidez. Joan den astean. Hiru egun bakarrik, egia da, baina tira, gutxiago bizi izan da Lizartzan Regina Otaola, eta bertako alkatesa zen.

Saturrarango Emakume kartzelari buruzko gure dokumentalarekin izan gara Parisen. Badakizu Frantzian, Espanian baino arrakasta handiagoa ari dela izaten “prohibido recordar”, eta hala, Nanteseko Festibalean saria jaso ondoren, hiriburuan aurkezteko konpromisoa genuen.

Mendeak pasa daitezke Parisetik promenatzen, nekatu gabe. Zazpi Kaleetatik Santutxura igotzeko metroa hartzen duen zure lobak, orduak eman zituen han oinez, jainko inpresionistaren batek margotutako zeruaren azpian, orain ibaiertzeko liburudenda zaharrak usmatuz, gero metroan mussete doinuz ari zen akordeoilaria adituz, lehen parke zabal batean larrugorritan eta askatasunean musukatzen zen bikotea gozatuz eta lehenago, boulevard erdian, auto artean futbolean jolasten ziren haur blondei begiratuz. Mendeak emango nituzkeen horrela paseoan. Bat-batean konturatu nintzen, mende bakoitzean iraultza batez erditzen dela hiria. XVIII.ean Bastillan. XIX.an Pariseko Komunan. XX.an maiatzean. Eta oinez segitu nuen, ea kalexkaren baten XXI. Mendekoarekin topo egiten nuen.

Haren ordez, Saint Michel inguruan, Maulen egindako alpargata bat aurkitu nuen kaleko baldosen azpiko hondartzan. Berehala ohartu nintzen Marie-rena zela. Duela berrogei urte ahaztuko zuela, korrikaldi edo parrandaren baten ostean. Bi arrazoibidek eraman ninduten dedukzio horretara; Marie gureak dena galtzeko daukan sindromeak eta alpargata haren ondoan, hamairu zigarrokin eta “enbata” aldizkari zahar bat zeudela konprobatzeak.

Hala ere, osaba, Pariseko gauzarik ederrena ez dago ez parkeetan, ez metroan, ez ibaiertzean ez eta ere boulevard erdietan. Pariseko gauzarik politena, estetikoena, Jainko inpresionistaren batek margotutako zeruaren azpian eta bizikleta zaharren gainean hiritik hegan egiten duten neskak dira. Sinestu, osaba, ez dagoela ezer politagorik, Parisetik neska eder bat bizikletan ibiltzen ikustea baino.

Horrelako gauzak pentsatzen nihoanerako, iluntzen ari zuen, eta Ziutate Unibertsitariora joan behar izan nuen; han pasatzen baitzen gure filma. Beldur apur bat ere bagenuen: izan ere, “Colegio de España” delakoak antolatzen zuen emanaldia, eta han ginen Larreategi eta biok -gazte, euskaldun eta berde- Garzonen aldeko fiskal eta katedratiko artean. Bisitari ilustreekin egiten omen duten gisan, Errektoreak domina bat eskaini zigun publikoki. Ohore handiegia guretzat; baina are gehiago, domina hura Jorge Oteizak diseinatua zela esan zigunean.

Txalo jo ziguten orduan, eta lotsatuta, hitza hartu nuen eskerrak eman eta filma aurkezteko. “Oso estimatuak gaude, baina gehiegizkoa iruditzen zaigu domina hura. Eta are gehiago Jorge Oteiza gureak, gure jakintsurik handienetakoak egina izanik....”. Horregatik, gauzak erlatibizatu nahi nituela esan nuen. Eta Oteizari Gipuzkoako Diputazioaren domina eskaini ziotenean gertatutako pasadizoa kontatzen hasi nintzen.

Imanol Murua gipuzkoako ahaldun nagusiak telefonoz deitu omen zuen behin eskultorea. “Jorge, te llamo porque vamos a darte la medalla de la diputacion de gipuzkoa a tu carrera”. Oteizak erantzun orduan: “¡Te la metes por el culo!”. Eta telefonoa eskegi.

Hamar urte beranduago, ostera, gobernu berri batek eskaintza berdina egin zion. “Jorge, hemos pensado darte la medalla de la diputación a tu carrera.” Eta Oteiza zaharrak; “De acuerdo. Pero yo estoy mayor, así que a recogerla ira un amigo mio en mi lugar.” Telefonoa eskegi, eta Imanol Murua deitu zuen: “Imanol; Mira, me han llamado para darme la medalla de la diputación y les he dicho que irías tu a recogerla. Asi que vete, la recoges y te la metes por el culo!”.

Jendeak barre egin zuen eta filma hasi zen. Ni, kalera atera nintzen berriro, ordubeteko paseotxo bat ematera. Badakizu zer, osaba? Gauza bakarra dago, Parisen neska eder bat bizikletan baino ederragoa. Parisen neska eder bat bizikletan, gauez.

Besarkada handia,

j.


p.s. Pozik egongo zara, Marie laster ondoan izango duzu berriro! Esaiozu, nire partez, hiruok elkarrekin bidaia bat egingo dugula noizbait Parisera. Eta bigarren alpargata topatuko dugula.

Hamalaugarren gutuna

Donostia, 2011-05-16


Osaba maitea,

Azken asteotan eguzki handi bat dabil bueltaka Donostian, eta jende asko bizikletan kaleetatik. Esango nuke gainera, lehen baino irriparre eta eguzkitako betaurreko gehiago ikusten direla eta panorama honekin, azkenerako, ur gazitan bakarrik bainatzeko gogoa sartzen zaio norberari. Ederra da Donostia, ezin ukatu. Dotorea. Zabarkeriarik gabea eta TZ eta TX askoduna.

Niri ostera, ez dit bat ere penarik ematen uda iristean bi urteko abentura gipuzkoarrari agur esateak. Ez dit bat ere penarik ematen laster Donostian bizitzeari uzteak. Eta ez da arimatik zuzenean ateratzen zaidan bilbotartasun (edo bilbotarkeria) ezkutu batengatik, ez pentsa. Beste zerbait da. Gainera, Euskal Herriko edozein bazterretara mugitzeko, askoz hobeto datorkit Donostiatik ateratzea. Berdin, Hazparnera, Ondarrura zein Atarrabiara joan behar badut, Easo ederra dago ongien kokatua mapan. Donostia da, nolabait esatearren, Euskal Herriko zentro geografikoa.


Baina hain justu horregatik ez dut hemen bizi nahi, osaba. Zentro geografikoa, zentro kultural bihurtzen delako, batzutan, batzuen buruan. Eta uste dute zentroa hauxe dela, Donostia dela euskaldunen metropolia, eta Hazparne, edo Ondarru edo Atarrabia, periferia besterik ez. Okerragoa ere izan daiteke, hala ere; batzuetan, batzuek uste dute Euskal Herria eurak direla. Edo euren ingurua. Eta hortik kanpora dauden guztiak, diaspora antzeko zerbait. “Bilbotarra izateko, ongi eiten dek hik euskeraz”, esango dizu metropoliko euskaldunak, Paristarrak Argeliakoari bezala. Eta gero, zerrendatzen hasiko da, “Berrehun euskaldun ditugu portugaleten, Gasteizen bi mila inguru, baina horietatik heren bat gipuzkoar emigratuen semeak...”. Bat-batean, irudituko zaizu itsasoaz gaindiko lurraldeez ari dela.

Errua gurea ere bada, noski. Euskal Herri euskalduna horrela antolatu dugulako. Nire lagun batek esan ohi du, bai lantokiei eta bai lanpostu kopuruari erreparatuta, “euskalgintza” gipuzkoako eskualde bateko industria bat baino ez dela. Eta ez du arrazoirik falta; izan ere, hasi komunikabideetatik, argitaletxe edo kultur elkarteetatik pasa eta euskararen institutu instituzionaletaraino, egoitza guztiak egun berean bizikletan ibiliz bisita ditzakezu. Eta pedalada gehiegi eman gabe. Osaba, imaginatzen duzu ze ederra litzatekeen Liburutegi Nazionala Larrabetzun egotea, eta bertsozale elkartea Gasteizen? eta Euskal musikaren zentroa Baionan, eta antzerki eskola profesionala Donapaulen. Eta gobernua Iruñean.

Horregatik, ez dit penarik ematen Donostia uzteak osaba. Eder-dotorea den arren, zabarkeriarik gabea eta TZ eta TX askoduna. Bazterrak maite dituen tipoa naiz ni, ertzetatik ibiltzen dena. Ez dakit non biziko naizen; Bilbon edo Gasteizen, Baionan edo Larrañen. baina edozein kasutan, nire borroka txikiekin segituko dut. Frantziarena baino, Greziaren antza izan dezan Euskal Herriak. Kartografoek deskubritzen dutenerako, gurea herria polizentrikoa izan dadin, anitza ,irla txiki ugariz osatutako artxipielago bat bezala.

Orain Woody Allen-en azken pelikula ikustera noa. "Gauerdia Parisen". Publizitateak dioenez, filmaren moraleja da ez duela inporta ze garaitan bizi zaren; batean zein bestean berdin izan zaitezkela zorigaitzekoa. Nik uste ez duela inporta ze lekutan bizi zaren. Batean zein bestean berdin egin dezakezu amets eta borroka. Baina tira, zer esango dizut zuri? Hogeita sei urte daramatzazu-ta, Afrikako deserriko uharte bat Euskal Herri bihurtzen....


j.

Hamairugarren gutuna

Baigorri, 2011-05-02


Otto maitea,

Joan zen Korrika eta joan da apirila ere. Joan dira Aberri Eguna, nazarenoak, eguzki alferra eta errepidetako karabanak. Joan da (edo joan “dute”) Osama Bin Laden, eta joan da hauteskunde demokratiko batzuen utopia. Joan, joan da maiatzaren lehena ere, eta apur bat lehenago, urtero Gernikatik errauts usaina dakarkigun haize beltza joan zen.

Gernikarekin gauza arraroa daukat beti, osaba. Azken aldiz larunbat honetan gertatu zait. Kontzertua zen Baigorriko Elizan: Et Incarnatus Orkestarekin Tolosako haur abesbatza, Amaren Alabak, Eñaut Elorrieta eta herriko gaiteroak. Publiko aldetik berriz, uste dut aspaldian ez zela Jaunaren etxean hainbeste fededun bildu. Gure bankuan bost kristau on ginen; Marie, Itsaso, Gorka, Uxue eta neu. Iparraldean kantaldiak Fidel Castroren diskurtsoak baino luzeagoak izan ohi direla jakinik, azken bi hauek ondo preparatuta zihoazen. Gorkak marxismo-leninismoari buruzko txosten bat zeraman. Uxuek “Ser madre” izeneko liburua. Hala ere, ez batak ez besteak ez zuten zabaldu orrialderik. Izan ere, kontzertua benetan ederra izan zen; goxo, gehiegikariarik gabe hunkigarri. Baina tira, goazen harira, etengabe adarretan galtzen naiz-eta.

Kontua da, momentu batean, Eñautek Ken 7-ren “Gernikan” izeneko kantua eman zuela. Joseba Sarrionandiaren letra bat da: gogorra, Gernikan hildakoen izenak zerrendatzen dituena. Orkestarekin emana, Baigorriko eliza hartan, bonbardaketaren 74. urtemugaren astean, oilo-azala jartzeko modukoa zen. Eta hala ere, niri, kantua hasi aurretik kizkurtu zitzaidan besoetako ilea. Kantua bera soberan balego bezala. Maiz gertatu zait hitz horrekin: “Gernika”. Izenlagun bezala entzunda ez da ezer berezia; hotz uzten naute Gernikako Arbolak, Gernikako Akordioak, Gernikako Gaztetxeak... edo Gernikako Estatutuak. Baina beste zerbait da norbaitek momentu egokian, leku egokian, hitza sinpleki ebakitzen badu. Gernika. Hiru silaba horiek mendeetako historia eta izaite osoa barnebilduko balute bezala, hitza entzun eta hotzikara bat sentitu nuen goitik behera larunbatean. Gernika esan zuen Eñaut kantariak, eta umeldu egin zitzaizkidan begiak, tripetako txoko sakonenetik ateratako indar irrazional batez. Ulertzen ez dudan sentsazioa da, aurretik behin baino gehiagotan gertatu izan zaidana. Atxagaren “Soinujolearen semea” liburuan gernika hitza irakurtzean. Edo gure aitite asturianoak gernika esaten zuenean. Bestalde, seguru nago ez naizela euskaldun bakarra hiru silabak entzun eta zentzugabeki gorputza astintzen. Izan ere, osaba, ezin zuen arrazoi gehiago izan Alejandra Pizarnik poetisa argentinarrak zera zioenean: “Las palabras dicen lo que dicen, y ademas más. Y otra cosa”.

Eta zu? Zu ze hitzek hunkitzen zaitu?


Pott


j.


p.s. Mesedez osaba, serio galdetu dizut. Ez esan beraz, "Athletic" dela hunkitzen zaituen hitza.

Hamabigarren gutuna

Osaba maitea;

“Astelehena, astelehena, astelehena. Astelehena, usteletan ustelena.” Hola kantatzen zuen Oskorrik. Eta ze arrazoi! Komentzituta nago, Korrika bukatu osteko egun batean idatzi zituela Natxo De Felipek bertso horiek. Izan ere, atzo Korrikaren bukaera Donostian bizi ostean, milaka lagun izango gara gaur hanketan eta urdailean izugarrizko agujetak ditugunok. Kriston astelehena. Ustelena.

Hala ere, merezi izan zuen. Mundu osoan ezagutzen ditudan ekimen kolektiboetan politena da Korrika. Eta Euskal Herria esistitzen ez dela dioten miope kulturalei erakusteko froga definitiboa. Herri oso bat ikusten duzu lasterka, pozik, kantari, izugarrizko rollo onean, eskutik eskura pasatzen den hizkuntzaren bidez lurraldea pausoz pauso konkistatuz. Eta sekula gelditu gabe. Denbora eta espazioa, biak lortzen ditu euskararentzat Korrikak. Sinbolikoki bonba hutsa. Sozialki lurrikara. Ez dakit nori okurritu ote zitzaion, baina Koka Kola asmatu zuena baino harroago egon beharko luke.

Oraintxe, burura etorri zait agian zuk ez duzula sekula Korrika ikusi. Eta interneten sartu naiz, jakiteko noiz ospatu zen lehena. 1980an izan zela dio ordenadoreak. Beraz, 85ean Euskal Herritik arrankatu zintuzten arte, izango zenuen aukerarik parte hartzeko, Iparraldetik pasatzen zenean. Pantailan ikusi dut urte hartan, 85an, Atharratzen hasi zela, hain justu. Eta han imaginatu zaitut bat-batean, petoa jantzita, begi beltzak bixi-bixi eta oraindik buruan ilea duzula, lekukoa Altzurukuko artzain-jainkosaren bati pasatzen.

Baina bukatu da aurtengoz. Eta orain beste lasterketa batzuetan murgilduko da jendea; hauteskundeetan adibidez. Ez dakit azken asteotako berriak jarraitu dituzun, osaba. Baina espainolak gero eta pitzatuago daude. Burutik jota erabat. Lehengo egunean, hainbat mediok argitaratutako artikulu batean, Bildu-ren Bilboko zerrendan bigarren postuan doan neskaren kontrako froga gisa zera erabiltzen zuten; Facebookean, Floren Aoiz eta Arnaldo Otegiren laguna dela. Sinestezina. Egunen batean, zerrenda kutsatuei buruzko komedia surrealista bat egin beharko genuke; edo Steven Spilberri eskatu; Juduei “La lista de Schindler” egin bazien.... zer gutxiago!

Gisa guziz, uste dut alde positiboren baduela espainolen paranoia guzti honek. Eta da, egoera normalean hautagai legez sekula aurkeztuko ez litzateken jende asko ardurak hartzera bultzatu duela. Jende ez politikoa. Herritar arrunt eta erresponsableak. Ni, esaterako, izugarri pozik nago Bildu-ren Bilboko zerrendarekin. Lehen postuan doana, Txema Azkuenaga abokatu independentea, nire txikitako lagun maite baten aita izanik, ondo ezagutzen dudalako. Eta Iñaki Azkunaren harropuzkeri, populismo eta politikeri profesionalaren aurrean, Txema, gure auzoko Txema, justu kontrako muturra da. Hurbila, entzuten dakiena, umila, igande eguerdian periodikoak eta ogia erosita etxera bidean aurkitzen duzunean, bi musu eta irriparre bat oparitzen dizkizuna. Imaginatzen dut bere alabarentzako ez dela goxoa izango hemendik aurrerakoa; edozer gauza asmatuko baitute Txemari buruz; manifa batera joan zela 97an, edo facebook-en Floren Aoizen laguna dela edo igandetan, ogiarekin batera BERRIA eta GARA erosten dituela. Baina animatuko dut nik. Konbentzituta nagoelako Txema Azkuenaga, inoiz Bilbok izan duen alkaterik onena izango dela.

Noski, hori, aurkezten uzten badiote. Izan ere, Oskorrik zioen bezala: “Bihar ikusiko da zer dagoen berri; jakintsuenak ere ezin du igerri.”
Besarkada handia osaba.

J

p.s. Pitxitxi erditu dela esaten zenidan aurreko gutunean. Etxea katukumez beteta izango duzula pentsatzean, duda tonto bat etorri zait: Afrikan katuak ze kolorekoak dira? Beltzak?

Hamaikagarren gutuna

Donostia, 2011-3-21

Osaba maitea,

Urte batzuk barru oraindik gogoratuko dira azken aste hauek. Eta eskoletan, ikasleek estudiatu egingo dute “2011ko martxoan gertatutakoa”. Intuizio hori daukat. Mundua asko aldatuko dela hemendik aurrera, Fukushimatik Bengasira.

Aurreko astean esaten nizun bezala, Gaddafitaz mozorratu nintzen ihauterietan. Bere gehiegizko eszentrizitateak dibertitu egiten ninduen. Argazkiei begiratuta, Porrotx, Lady Gagá eta Salvador Dalíren arteko nahasketa bat zirudien gizonak. Bere hitzaldi eta adierazpenek, ostera, Luis Buñuelen filme baten antza zuten. Baina gero, egunez egun “Gara” eta “El País” irakurtzean, graziarik gabe gelditzen hasi zen koronela . Herriaren kontrako “hainbat” bonbardaketa agintzen zituelako; eta “ehunka edo milaka” zenbatzen zirelako erahildakoak Libian; eta “dimentsio ezezaguneko sarraskiak” eragiten ari zelako kupidarik gabe. Halako batean, Josu Amezagaren artikulu bat irakurri nuen interneten. “Kontuz Libian gertatzen ari denarekin! Gogoratu Errumanian Ceacescurekin gertatu zena”, zioen UPVko irakasleak. Eta honela jarraitzen zuen: “Orduan zabaldutako albisteek sarraskiak, erailketa masiboak zein era guztietako triskantzak nabarmendu zituzten: orotara 60.000 hildako baino gehiago. Gerora jakin zen hildakoak 700 inguru izan zirela, erdia Ceaucescuren aldekoak. Eta herri matxinatua baino areago, estatu kolpea egon zela istiluen atzetik.”

Hala hasi nintzen pentsatzen, Tunisia eta Egiptoko erreboltak ez ote ziren izan aitzakia hutsa, Libiakoa prestatzeko. Estatu Batuek eta bere laguntxoek ez ote zituzten bi peoi sakrifikatu, arerio bati xake mate egiteko.

Gutxi balitz, duela hiru egunetik Euskal Herria gerran dago Libiaren aurka. Iparraldea eta Hegoaldea; biak. Zapaterok Iraketik tropak ateraz hasi zuen bere agintaldia eta tropak Libiara bidaliz bukatuko du. Frantziarena, ostera, okerragoa da agian. Demokrazia asmatu zuen herrialdeak ez zuen behatz bat mugitu Matxitxakoko batailan faxistek zure aitite Remigio hiltzean edo nire aitite Baliela umezurtz geditzean. Baina orain, Sarkozy boterera iristen lagundu zuen gizonaren herria erasotzen ari da Sarkozy.

Asteburu honetan, iparralde eta hegoaldeko dozena bat lagunek afaria izan dugu Baigorrin; eta barkatuko didazu astakeria, osaba, baina demokraten faltsukeria eta zinismoarekiko amorruaren amorruz, Etxepareren poema aldatu genuen, gitarraren eta ronaren laguntzaz . “Gadafiko herria benedika dadila; Gadafiko herria benedika dadila; Espainiari emango dio behar duen tornuia. Frantziari emango dio behar duen tornuia”.

Hala ere, hamar urte barru Japonian gertatutakoa gogoratuko da batez ere eskoletan. Ikasiko ote den ez dakit. Batzuek ez baitute inoiz ikasten. Baina gertakari guzi hauei buruz berba egitean, niri gustatuko litzaidake gogoratzea, gure inguruan ez dela sekula antzekorik gertatuko. Euskal Herriak lortu egin zuelako ama lurra zentral nuklearretatik libre mantentzea.

Bestelakoan, zaharrak berri inguru honetan. Ez gara sekula lasai gosaltzeko astiz esnatzen eta ez gara sekula egin beharreko guztiak bukatuta oheratzen.

Esaten zenidan zure azken gutunean, Marie Euskal Herrira itzuli den arren, zeuk ere ez duzula aspertzeko denborarik Afrikako irla tipi horretan. Sao Toméko errealitate politikoak harrapatuta zauzkala azken boladan. Kontaidazu zer berri dagoen Gineako Golfoan, osaba. Izan ere, gauza batetaz erabat seguru nago, eskoletan ez da sekula kontatuko Sao Tomen zer gertatzen den.

Besarkada fuertea.
j

p.s. Erditu da Pitxitxi? Etxea katukumez betea izango duzula imaginatzean, irriparra irristatzen zait. Jaten eman behar badiezu kontuz ibili, ez dut uste arraultza frijituak txorixoarekin komeni zaizkienik.