Donostia, 2011-05-16
Osaba maitea,
Azken asteotan eguzki handi bat dabil bueltaka Donostian, eta jende asko bizikletan kaleetatik. Esango nuke gainera, lehen baino irriparre eta eguzkitako betaurreko gehiago ikusten direla eta panorama honekin, azkenerako, ur gazitan bakarrik bainatzeko gogoa sartzen zaio norberari. Ederra da Donostia, ezin ukatu. Dotorea. Zabarkeriarik gabea eta TZ eta TX askoduna.
Niri ostera, ez dit bat ere penarik ematen uda iristean bi urteko abentura gipuzkoarrari agur esateak. Ez dit bat ere penarik ematen laster Donostian bizitzeari uzteak. Eta ez da arimatik zuzenean ateratzen zaidan bilbotartasun (edo bilbotarkeria) ezkutu batengatik, ez pentsa. Beste zerbait da. Gainera, Euskal Herriko edozein bazterretara mugitzeko, askoz hobeto datorkit Donostiatik ateratzea. Berdin, Hazparnera, Ondarrura zein Atarrabiara joan behar badut, Easo ederra dago ongien kokatua mapan. Donostia da, nolabait esatearren, Euskal Herriko zentro geografikoa.
Baina hain justu horregatik ez dut hemen bizi nahi, osaba. Zentro geografikoa, zentro kultural bihurtzen delako, batzutan, batzuen buruan. Eta uste dute zentroa hauxe dela, Donostia dela euskaldunen metropolia, eta Hazparne, edo Ondarru edo Atarrabia, periferia besterik ez. Okerragoa ere izan daiteke, hala ere; batzuetan, batzuek uste dute Euskal Herria eurak direla. Edo euren ingurua. Eta hortik kanpora dauden guztiak, diaspora antzeko zerbait. “Bilbotarra izateko, ongi eiten dek hik euskeraz”, esango dizu metropoliko euskaldunak, Paristarrak Argeliakoari bezala. Eta gero, zerrendatzen hasiko da, “Berrehun euskaldun ditugu portugaleten, Gasteizen bi mila inguru, baina horietatik heren bat gipuzkoar emigratuen semeak...”. Bat-batean, irudituko zaizu itsasoaz gaindiko lurraldeez ari dela.
Errua gurea ere bada, noski. Euskal Herri euskalduna horrela antolatu dugulako. Nire lagun batek esan ohi du, bai lantokiei eta bai lanpostu kopuruari erreparatuta, “euskalgintza” gipuzkoako eskualde bateko industria bat baino ez dela. Eta ez du arrazoirik falta; izan ere, hasi komunikabideetatik, argitaletxe edo kultur elkarteetatik pasa eta euskararen institutu instituzionaletaraino, egoitza guztiak egun berean bizikletan ibiliz bisita ditzakezu. Eta pedalada gehiegi eman gabe. Osaba, imaginatzen duzu ze ederra litzatekeen Liburutegi Nazionala Larrabetzun egotea, eta bertsozale elkartea Gasteizen? eta Euskal musikaren zentroa Baionan, eta antzerki eskola profesionala Donapaulen. Eta gobernua Iruñean.
Horregatik, ez dit penarik ematen Donostia uzteak osaba. Eder-dotorea den arren, zabarkeriarik gabea eta TZ eta TX askoduna. Bazterrak maite dituen tipoa naiz ni, ertzetatik ibiltzen dena. Ez dakit non biziko naizen; Bilbon edo Gasteizen, Baionan edo Larrañen. baina edozein kasutan, nire borroka txikiekin segituko dut. Frantziarena baino, Greziaren antza izan dezan Euskal Herriak. Kartografoek deskubritzen dutenerako, gurea herria polizentrikoa izan dadin, anitza ,irla txiki ugariz osatutako artxipielago bat bezala.
Orain Woody Allen-en azken pelikula ikustera noa. "Gauerdia Parisen". Publizitateak dioenez, filmaren moraleja da ez duela inporta ze garaitan bizi zaren; batean zein bestean berdin izan zaitezkela zorigaitzekoa. Nik uste ez duela inporta ze lekutan bizi zaren. Batean zein bestean berdin egin dezakezu amets eta borroka. Baina tira, zer esango dizut zuri? Hogeita sei urte daramatzazu-ta, Afrikako deserriko uharte bat Euskal Herri bihurtzen....
j.