Marie!
Utzi hau irakurtzeari oraintxe bertan! Tolestu orriak berriro, sartu ron botilan eta utzi hondartzako itsasertzean, aurkitu duzun leku berean. Osabak ikutu gabe aurkitu dezala.
Enfin, Marie, banekien zeuk hartuko zenuela lehenik gutun hau; osabaren zain egon gabe. Maiz kontatu dit berak, Sao Tomera iristen zaren bakoitzean bere gauzak antolatzen hasten zarela berehala, eta zigarroak eta bihotza lapurtzen dizkiozula baimenik eskatu gabe. Baina egin kasu, otoi. Berarentzat da gutuna. Utzi aurkitu bezala, eta irakurriko dizu gero berak, nahi badu. Porzierto, bidaia ondo egin duzu? Ale, muxu bat. Zaindu gure gizona.
***
Osaba maitea,
Pozik egongo zarela imaginatzen dut, hiru hilabetean behin irlara erratz gainean heltzen den sorgina zure ondoan egonda. Asteazkenean despeditu nuen nik Marie. Domintxinetik Baionara gidatu eta autoa anaiaren etxean aparkatu zuen hiru hilabeterako. Maleta guztiak nire autoan sartu eta Baionatik Donostiaraino eraman nuen orduan. Han utzita, Donostiatik Bilbora, autobus bat hartu zuen. Bilbora iristean, Barakaldora joan, gaua hango lagun batzuen etxean pasa, eta biharamunean, goizean goiz, Loiuko aeroportura abiatu zen. Loiutik, berriz, Lisboara iritsi. Eta Lisboan denbora dezente zain egon ostean, Sao Tomerako bidea hartu zuen. A ze irudi berezia, osaba, Portugalen emigrante bizi eta sorterrira oporretan itzultzen diren afrikarrez betetako hegazkin horrena. Builaka mintzo diren beltz gazte guzti horien artean, Zuberoako andere blonde bat isilik, besaulkian eserita, Markinako lagun batek oparitu dion “Hausnart” aldizkarian Sarrionandiaren azken elkarrizketa irakurtzen. Astebete dauka irudiak. Eta hogeitabost urte.
Hemen, urtaro aldaketa hurbiltzen den bakoitzean sartzen zaigun ero haizeak jota gabiltza batzuk. Gauza asko lotzeko buruan, eta batzuk deslotzeko bihotzean. Ai ene; kontseilu onak ematen dizkidan osaba marxista bat ez banu, Mariek gomendatutako Hernaniko sorgin batengana joana nintzen aspaldi.
Gainontzekoan, badakizu, ilusio perfumea usaintzen dela Euskal Herriko bazterrotan. Marka da gero nik Donostiatik alde egiten dudan urtean lortzea Odon Elortza alkatetzatik kentzea, baina tira, poztekoak dira hori eta beste gauza asko, bestelako aberri bat amesten dugunontzat.
Hala ere, partidua ez da orain bukatzen. Orain hasi egiten da. Orain hasten da, benetan, lanerako garaia. “Hitzetatik ekintzetara” pasatzeko sasoia. Erresistitzen jakin dutenek, eraikitzen ikasteko aroa. Gordin eta garden esateko; Sagarren Denbora.
Orain arte, etxea hormigoiz eta ahalik eta altura gehien emanez eraiki da. Bertikalean.
Hemendik aurrera, arkitektu berriek, horizontalean eraikitzen ikasi beharko dute. Eta hormigoiaren ordez, eskuak erabiliz.
Besarkada handia.