Zortzigarren gutuna

Santutxu, 2011-02-07


Osaba urruna,

Mikel Laboak behin Plentzian eman zuen kontzertua aipatu didazu azken gutunean. Gazteak zuek, eta zilar ahotseko aztiaren oihu eta irudiek Elizaren horman errebotatzen omen zuten, forma magiko bihurtuta zuengana itzultzeko.

Leihotik begiratu eta trago bat eman diot teari. Giro ederra dugu eta infusioa bero da oraindik. Utzidazu, beraz, gure aitak maiz oroitzen duen istorio bat kontatzen, osaba. Zuk ez duzu gure aita ezagutzen, baina bera Bilbon eta zu Plentzian, biok sortu zineten Euskal Herrian, haizeak aro berri bat zetorrela xuxurlatzen zuen sasoian. Antzekoak dituzue adina, jatorri soziala eta zapaten kolorea.

Gure aitak dioenez, Ilargiak berezi argitzen zuen 1976ko maiatzeko gau hartan. Santutxuko Berrio Otxoa ikastetxe berriko patioa leporaino bete zen.

Maiz kontatu didanez, ondo gogoratzen du gaualdi hura, “Sartzeko ate txiki bakarra egon arren, Ikastetxeko futbol zelai handia gainezka zegoen. Aldeetako batean eszenatokia, eta haren atzean, eraikitzen ari ziren ikastetxeko garabi erraldoia ikusten zen.”

Pantxoa eta Peiok kantu pare bat eman zituztenerako, jendeak azalean zeukan emozioa. Orduan, urtxintxen doinuari ekin ziotela, publikotik norbaitek garabia seinalatu zuen, eta haren ondokoak arnasari eusten zion bitartean sei lerro atzeragoko edonork animo irrintzi bat jaurti zuen aidera. Bat-batean, bi mila begi pare lotsagabeki umelduz, mutil bat azaldu zen garabi erraldoiaren puntan. Izar konkistatzaileak legez, gazteak ezkutuan zeraman zerbait atera zuen arropa artetik eta orduan, ilargiak berezi argitzen zuela, euskaldunen trapu debekatua landatu zuen altzairuzko garabian. Kantarien ahotsa txaloek estali zuten, eta irrintziek, eta oihuek.

Berehala, ordea, gomazko peloten eztanda gorra gailendu zen eta ondoren etorri ziren txalo, irrintzi eta oihuek ez zuten aurrekoekin zerikusirik izan. Trapuzko atentatu arriskutsuarengatik espainiar poliziak ohi baino ernegatuago, irteera bakarreko kaiola hartan luze joan zen borroka. Gero auzo osora zabaldu zen.

Gure aita goizaldeko ordu txikietan itzuli zen borroka gunera, ihesean galdutako zapata baten bila. Ate txiki bakarretik sartzean ordea, begiak platerak legez zabaldu zitzaizkion. Milaka zapatak estaltzen zuten Ikastetxeko patioa. Trapuzko gaizkileek apropos ahaztutako krimenaren frogak bailiran, milaka zapata loratu ziren maiatzeko gau hartan Santutxun.

Gure aitak etxera bidea hartu zuen, oinutsik. Ilargiak berezi argitzen zuelako izango zen, baina zapata guzi haiek gorriak, zuriak eta berdeak zirela iruditu zitzaion.

***

Tira, istorio hori kontatu nahi nizun. Bitartean, tea hotzitu zait. Beste bat prestatu eta leihora begira segituko dut. Izan ere, osaba, ilargiak berezi argitzen du gaur.

Besarkada handia.

j.

p.s. Gaur ulertuko du Mariek zergatik ez duzun inoiz sandaliarik janzten Afrikako irla tropikal horretan.

Zazpigarren gutuna


2011-01-24


Osaba urruna.

Azken boladan, danbor oihartzunak entzuten ditut nonahi. Danbor goxoak izan ziren lehenik, zure urtebetetze egunean iritsi ziren danbor soinu leunak, Bakearen Danborrak, Orokorrak eta Egiaztagarriak, kaleetatik beruna eta malkoak behin betiko erbesteratzea proposatzen zutenak. Denok poztu ginen egun hartan, edo denok jaio ginen berriro, zuk esaten zenidan bezala. Eguraldia ere, goxotu egin zen bat-batean, Anbotoko Marik udaberria urtarrilean etor daiteekela demostratu nahi balu bezala.

Zoritxarrez, badira oraindik Berunzaleak. Malkozaleak.Gerraren Danborrak jotzen segitu nahi dutenak, kantu obstinato bat bezala. Eta udaberriaz mintzo den jendea atxilotzen dute gauez. Eta boltsak jartzen dizkiete buruan eta haien saihetsei ostikoka ibiltzen dira. Danborra jotzen dute haien saihetsetan. Gerraren danborreroek. Borreroek.

Joan den astean bestelako danborrak ere entzun genituen Donostian. Hasieran ez nuen ulertzen zergatik kristo, asteazken buruzuri batez, gauerdian mundu guztia sukaldariz jantzi eta barrilak astintzen hasten zen. Parte Zaharreko kaleak, paperezko txano ridikiluak zeramatzaten agure sudurgorriz, eta kalimotxoz, botakaz eta Ken7ren kantuz osatutako bukle batean sartutako nerabez leporaino bete baitziren, bapatean. Rubenek, nire pisukide iruñearrak, festa bat zela azaldu zidan. “Ba a ze festa tontoa”, pentsatu nuen orduan: nik bost urte betetzean utzi nion hogeita lau orduz danborra konpultsiboki jotzeari. Baina tira, ze esango zidan Rubenek jai tontoei buruz, bere herrian zezenen aurrean korrika egitera dedikatzen direnean.

Danborrak, Xiberoan ere entzungo dira aurki. Atabala, xirularekin batera, herriz herri ibiliko da igandetik aurrera Santa Graziko gazteek antolatutako maskaradan. Baina notizia beltzak dakartzate aurten Pitxu, Kabana eta konpainiak, osaba. Eurek esan dutenez, Santa Grazik historian antolatuko duen azken maskarada izango da aurtengoa. Arrazoia? Gaztek ez dakitela habo uskaz. Haiek direla herriko azken gazte euskaldunak. Azken mohikanoak.

Horrelakoa gure herria. Iluna etorkizuna. Ezezaguna iragana. Xiberotik atera gabe, aurten 450 urte hil zuten han Mitikileko apeza, jauntxoen kontrako matxinada gidatzeagatik. Mátalaz zuen izena eta zazpi mila laborari matxinatu ziren berarekin. Badakizu zein zen haien gerra oihua? “Herria! Herria! Herria!”.

Matalazi burua moztu zioten, eta Mauleko plazan zintzilikatu. Duela 450 urte. Norbait oroitu ahal da?

Tira, “agian, agian, egun batez jeikiko gira”. Hala kantatu zuen Matalazek bere heriotzean. Eta zergatik ez? Tunisiatik erritmo biziz datozen danborrek, dena posible dela erakutsi digute, bai. Hogeitabatgarren mendean, hamaseigarrenean bezala.

Bitartean dolu gabe, dolu gabe bizi gaitezen, osaba. Esaten didazu azken gutunean, egunen batez Euskal Herriko kaleetatik elkarrekin ibiltzen garenean, zuk kargatuko duzula nire akordeoia, lobak bikain zaintzen dituzten osaben moduan. Eskertuko dizu nire bizkarrak. Baina ordura arte, zuk han eta nik hemen, segi dezagun danborra jotzen. Emeki, baina emankor. Tinbalak bezain tinko, silofonoa bezain koloretsu, txalaparta bezain eskuzabal, kriskitinak bezain alai.

Baina donostiarrak bezain nekagarri bihurtu gabe.

Besarkada handia.

Seigarren gutuna

Euskal Herria, 2011-01-10

Osaba maitea.

Bukatu dira gabonak. “Erdi materialista” “Erdi ezer ere” ez garenoi, Jesusitoren koadrilakoak karka samarrak iruditzen zaizkigunoi, egia esan, ez zaizkigu gehiegi gustatzen, nahiz eta jendeak inoiz baino gehiago edan, inoiz baino gehiago kantatu eta inoiz baino gehiago besarkatu. Baina debekatutakoa desiatu ohi den gisa berean, derrigorrezkoa gorrotatu egiten dugu. Eta horregatik, jai hauetan ia dekretuz inposatzen dutenean zoriontasuna eta familia; eta txanpana, kantua eta besarkada... ba niri gogoa joaten zait. Nire bufanda beltzaren atzean ezkutatu, eta denbora pasatzen uzten dut. Azken finean, katarro bat bezalakoak dira gabonak: astunak dira, gogaikarriak, baina ez dute gehiegi irauten.

Gaur, gutunaren ordez, pakete postala bidaltzen dizut. Urte berrirako premiazko gauzez osatua. Pisuagatik igarriko diozunez, irriz, ametsez, borrokaz eta muxuz beteta doa. Irlan bizirauteko elikagai urgenteak, guztiak. Baina ez da Santa Klausen izpiritua izan gutunazala goraino kargatzera bultzatu nauena. Izan ere, zuk nik bezain ondo dakizu, osaba, urte berria ia inoiz ez dela urtarrilaren batean hasten. Batzutan bai, baina ez da derrigorra. Urte berria edozein egunetan has liteke. Esaterako, gure aberri inesistente honetan, jende asko zegoen urte berriaren zain eta azkenean gaur iritsi da, atzerapenaz etorritako chrismas bat bezala eta adjetibo eta guzti: Urte berria orokorra, egiaztagarria eta iraunkorra izango da.

Baina agian iritsia zen lehenago; agian urte berrian geunden eta asko ez ziren oraindik ohartu. Larunbatean, lagun uholde bat elkarrekin oinez gindoazela Bilboko kaleetatik, jendeak elkarri begietara begiratzen ziola iruditu zitzaidan. Eta begiek, gezurrik esaten ez dakiten kanika berbati horiek, hala esaten ziotela batzuek besteei; “Urte berria heldu da”.

Bakoitzak, bere urte hasiera izaten du, noski. Zuretzako, nik uste, abendu hasieran iritsi zela urte berria. Eta hegazkinez iritsi zela. Eta Zuberoako dama zaharren itxura eta jet lag handia zituela. Eta Domintxineko sagarrez beteta zekarrela motxila.

Zeinahi kasutan, paketea ez dizut urte berria dela eta igortzen. Urtarrila delako sartu ditut irriak, ametsak, musuak eta borrokak gutunazalean. Badakidalako hilabete berezia dela zuretzat. Urtarrilean jaio zinelako mundura eta urtarrilean hil zintuztelako, duela hogeita sei urte, Ekuadorren bahitu eta torturatu zintuzten polizia espainol haiek. Baina berpiztea lortu zenuen, osaba. Eta horregatik, urtero, zure bi jaiotzak gogoratzen ditugu urtarrilean.

Agurtu nire partez Marie. Eta kontuan hartu pasatu direla gabonak. Beraz, jada derrigorrezkoak ez direnez, berriro gustatzen zaizkit edatea, kantatzea eta besarkatzea. Ia aurten zurekin egin ahal ditugun hiru gauza eder horiek. Hemen, gure aberri inesistentean.

Urte berri on, osaba.

Zure loba


P.s. Gogoratzen Afrikan geundela esan zeniguna? Dena da posible.

Bosgarren Gutuna

2010-12-17

Osaba laguna,


Itzuli nintzen Irlatik, hogei graduri “hotz” deitzen dioten lekutik; lurrez inguratutako beste irla honetara iristeko; zero graduri “fresko” esaten zaion lekura.


Irlan, hangoan, badakizu Fidelek jabetza pribatua, arrazismoa eta denbora abolitu zituela aspaldi; eta horregatik gustura ibili naiz, rona eta eguzkitako krema konpartituz, eta erlojurik gabe.


Zure begiak eraman nituen, agindu nizun bezala. Eta paseatu nituen Habanako malekoitik eta zine areto zaharretatik. Irla bi ziruditen, zure begi beltz haiek, denari adi adi so; eta akorduan daukat nola esan zidaten, Vedadoko bi neska kantarik, euren etxeko sukalde zaharrean , «Ai! Bi irla jostari horien jabea hona ekarri ahal bagenu ! Ederto zainduko genuke guk hemen». Izan ere, kubatarrentzat, pobreak eta beltzak badira batez ere, maitasuna ez da arrazionamendu kartilatan sartzen. Urrik banatzen dute, tonaka, daukatena eta are gehiago. Eta bi kantariak, pobreak eta beltzak ziren zure begiak bezala. Eta habanerak kantatzen zituzten; Dulce Maria Loinazenak, eta Xabier Leterenak.


Egun batez, behin Sao Tomera jendea laguntzera joan, eta bizitza salbatu zizun medikua bisitatu nuen. Bere txakur inseparableari, "Basko" izena jarria zion, bere hitzekin esateko: "fideltasunagatik".


Pinar del Rioko guagua geltokian gelditu nintzen berarekin, eta bizarduna, txiki xamarra eta oso guapoa nintzela esan arren, kosta egin zitzaion jende artean ni errekonozitzea. Gero esan zidan, emandako deskribapena perfektua zela, baina norbait helduagoa espero zuela. “Alfonsok esan zidanez bere lagun handi bat zetorrela Kubara... Bere adineko norbait irudikatu nuen”.


Azaldu nion, Mariek behin elkarrizketa batean esan zuen bezala, laguntasunak ez duela zer ikusirik belaunaldiekin; etsaien trikimailua baino ez dela hori; eta zu osaba gisa adoptatu zintugula, bai, baina osaba baino, laguna zarela lehenik. “Urrun dugun bihotzeko lagun”, Ruperrek kantatuko lukeenez.


Joan den ostegunean entzun nuen bera, Ruper, Bilboko Kafe Antzokian. Orduan sentitu nuen definitiboki arribatua nintzela lurrez inguratutako irla honetara. Izan ere, ederto daki Ruperrek nola egin zero gradu “fresko” baino, “epel” izan daitezen. Eta ederto daki lagunei kantatzen; Bernardo edo Joseba izeneko bere anaiei, edo Mikel deitzen den osaba zaharrari.


Guk ere, kontzertutik ateratzean, kantuan segitu genuen, rona konpartituz eta erlojurik gabe. Habanerak ere kantatu genituen, Dulce Maria Loinaz eta Xavier Leterenak. Asko ari gara mejoratzen osaba; beraz, hasi zaitez ensaiatzen, etortzen zarenean, zeuk egin beharko duzu eta bigarren ahotsa.


Besarkada handia, eta muxu bat Marieri,


Josu


P.S. Liburu batzuk barrura sartuta, botila bat bota nuen Karibeko hondartza batean itsasora, Sao Tomerako. Baina merkeegiak dira liburuak Kuban, eta gehiegi pisatzen zuen botilak. Hondoratuta egongo da Atlantikoan, segur aski, altxorrez betetako itsasontzi piraten ondoan.

Osabaren Gutuna

São Tomé, 15 Diciembre 2010

Loba maitea,

Cruzaste el Atlántico, no sé si en Nere Balandra o en un moderno avión de esos que rasgan el viento, para ir a la Isla de los Tesoros a ver el Festival de Cine de La Habana. Cruzaste y te llevaste mis sueños. Desde allí no me ecribiste; o si me escribiste, tus letras deben venir a flote en una botella de ron del pueblo. Me envío un mensaje Elisabeth, mi querida hermana que tiene un perro cubano que se llama Basko. Ella sí, la que me salvó un día la vida. Me dijo que la llevaste un "Gran regalo" (Sagarren denbora); y que sintió alegría, tristeza y nostalgia al mismo tiempo. Yo aquí estoy: sintiendo los vientos y contando las mareas para ver llegar la botella con el mensaje, como los niños cuentan las noches esperando el día importante. Eran otros tiempos, me dirás, pero siempre los mismos sueños de hace unos días.

Cruzaste el Atlántico... De vuelta al trabajo, como el compañero de Amanda. Y a lo lejos se quedaron las calles viejas, con la siluetas de los camaradas en el pórtico de las despedidas. Y mis ojos, que te presté para que llevarás mi alma en tu viaje, allí se quedaron. Elisabeth también se quedó, y se quedó con todas esas cosas hermosas, pequeñas y duras que tiene la vida de esa isla de solidaridad gigante.

Mi suerte es que también Marí cruzó los mares, para venir al destierro, a nuestro destierro en África. Me trajo nueces de Arraforttonia, compotas de manzana y sueños que son de todos los tiempos, los mismos que de hace unos días.

Un beso, loba maitea!

PS: No te olvides de recuperar mis ojos

Laugarren gutuna

2010-11-15


Osaba maitea,

Harritu egin nauzu zure azken gutuneko ametsarekin. Batu egiten zenituen Sao Tomeko euriak, Bermeoko marineruen kamaroteak, sobietikoak zirenean “kamarada” deitzen zizuten errusiarrak, etxalde abandonatuak, Barakaldoko Labe garaiak eta Bidasoako itsasadarra, azkenean, denen artean, Errepublika Sozialista Baskirianoa sortzeko.

“Nik bai osaba erromantikoa!” pentsatu nuen, irakurri nuenean. “Tres romantique!” Domintxineko Mariek esango lukeen bezala. Eta oroitu nintzen, nola aspaldi “Neruda” deitzen nizun nik, eta zuk niri, “Irletako Postaria”, “Cartero de Islas”, Kuban dauden beste osabekin harremana berreskuratzen lagundu nizulako.

Domintxineko Marieri erakutsi nion zure gutuna, harro. “Bah! Ezagutzen dut ondo idazkera hori”, esan zuen berak, “Guapo plantak egiten dabil. Nola uste duzu konkistatu ninduela ni, horrelako gutunekin ez bazen?”. Gero, zigarro bat piztu eta kea bota zuen airera Domintxineko Mariek, guapa plantak eginez.

Bestelakoan, parranda bateko naufragioan galdu ostean, telefono barik egon naiz aste guztian. Eta ze ondo! Lasai ibili naiz etxean, dei apremianterik gabe, ene leihotik kanpoko euriari begira, Magritte-ren koadro batean bezala.

Aspergarria da euria, gaur ni bezala, goizean bizikletarekin ateratzen baldin bazara. Baina polita da leihotik begiratzeko. Txanpinoien sasoia iritsi dela sentitzen duzu. Eta ez mendietan bakarrik, hirietan ere, kalean gora eta behera, jendea guardasolen azpian ezkutatzen baita; eta Amanita eta Kantarelus ibiltariak dirudite denek. Hala, bat-batean, gutun ameslari batean moduan, perretxikoz betetzen da, kristalaren bestaldean, Donostia osoa.

Gainera, osaba, zer nahi duzu esatea; kalera jeitsita ere, euriak badauka bere xarma. Zeren ba al dago gauza romantikoagoarik guardasol konpartitu bat baino? Domintxineko Mariek esango lukeen legez, “Tres tres romantique”.

Datorren astean, Kubara noa. Habanako Zine Festibalera eta Zine Eskolara. Hogei egun emango ditut bertan, pozik, herrialde hartan izarrak nonahi ikusten direlako, baita banderan ere. Eta agurtuko ditut beste osabak zure partetik. Emango dizkiet besarkada handiak eta edango dugu rona zure kontura. Lasai egon, ez zait ezer kostatzen: Plazer handiz izango naiz berriz ere “Irletako postaria”. Zuk ostera, marineru zahar maitea, ez utzi inoiz “Neruda” izateari.

Pottak.


Josu.


P.S. Genetika da, edo neu ere guapo plantak egiten nabil?


Hirugarren Gutuna

Osaba maitea,

Esaten zenidan zure azken gutunean izorratua egon zarela, intsektu kabroi batek ziztatu zizulako lo zeuden bitartean. Apur bat larritu nintzen, egia esan, izan ere, ondo dakit Afrika Tropikaleko zomorroak Afrika Kontinentaleko leoiak baino kaltegarriagoak direla. Baina gehien larritu ninduena intsektuaren izena izan zen. Centopeia. “Ai ene, izen itsusi horrekin, gauza onik ez seguru”, pentsatu nuen. Zeren, ya nahiko desatsegina baldin bada euli batek, edo inurri gorri batek emandako eztenkada... dauzkaten izen sinpatiko hoiekin, eta gainera inurria gorria izanik .... Ez dut pentsatu ere egin nahi zer ez ote dizun egingo Centopeia batek. Izen itsusi horrekin. Gauza onik ez, seguru.

Gero apur bat inbestigatu, eta jakin nuen, hor portugesez “Centopeia” esaten duzuena, hemen “ciempiés” gisa ezagutzen duguna dela. Noski, izenak berak esaten du-ta: “Cento Peia”, Cien Pies. Tontoa ni.

Baina, osaba, zer nahi duzu esatea, nik uste Sao Tomen euskarazko izena erabiltzen hasi beharko zenuketela. Horrek bai duela portugex doinua. Entzun ondo: Ehun-zango. "ehumzangu"

Gaia aldatuz, dinozu bananeroak lurrera jaustear daudela, sei hilabete daramatzalako euririk egin gabe. Eta ez naiz harritzen, aspaldian ur guztia Euskal Herria ari baita jasiotzen. Betiko kontua, badakizu: jainkoa munduko pertsonarik traketsena da partizioak egiten. Batzuei gehiegi, besteei gutxiegi. Gaizki banatzen du dena. Eta argiarekin ere problemak omen dituzue, ezta? ba... ez da gaiztoa izatearren baina... prestatu zaitez, ze azaroak hiru ditu gaur, beraz, egun hauetako batean hasiko dira Azkuna eta Odon kaleak gabonetako argi negargarri hoiekin betetzen.. eta orduan bai, akabo tropikoan bonbila piztuak.

Gainontzekoan, hemen astiro doia denbora, Rubalcabak dena arinegi doala esan arren. Nik, asteburu luze baten ondotik, hilda pasa nuen hildakoen eguna eta geroztik, martxa hartu gurean nabil.

Aspaldian erreta ninduen lan potolo bat bukatu nuen atzo, beraz orain ilusioa berriz piztuko didaten proiektu bila hasi beharko! Egia esan, deia batzuek sortzen dizkidate jadanik kilikiliak sabelean. Soilik espero dut, osaba, Tximeletak izatea eta ez zentopeiak.

Besarkada fuertea.

Josu


p.s. Igandean joango naiz, Lipus eta konpañiaren obra berria ikustera. “Errautsak” deitzen da. Izen ezin aproposagoa igande arratsalde baterako.